Herriaren ekimenez sortutako beste edozein ikastetxeren hasiera bezala, Langaitz Ikastolaren hasiera ere bere sustatzaileen arteko adostasun eta desadostasunez josita egon zen.

1975. urtean Beraun Ikastola sortu zen, ekimen herritar bati esker, irakaskuntza guztiz euskaldunaren eskariari erantzun nahian eta Beraungo Elizaren laguntzarekin.

1978. urtean Ikastola hau banandu egin zen Beraun Ikastola eta Oarso Ikastola sortuz. Bi Ikastolak, errealitatearen jakinaren gainean, behin eta berriz harremanetan jarri eta batzorde bateratuak sortzen hasi ziren, eskariari erantzun bat emango dion Ikastola bakar bat sortzeko helburuarekin. Hezkuntza Sailaren eta Gipuzkoako Ikastolen Federazioaren laguntzarekin egin zen lan hau.

Ondorioz, Langaitz Kultur Taldea legezko izenaren babesean sortu zen 1982. urtean Langaitz Ikastola .

Bere historian zehar, Euskal Herriko Ikastola gehienak bezala, Langaitz Ikastolak ere Beraun auzoko eta inguruetako lokal askotan izan du egoitza, 1983. urtean Beraun auzoko Usandizaga kalearen atzeko aldean kokaturiko lokaletan finkatu zen arte. Orduko eskaria handia izanik eta bere hezkuntza-proiektua Beraunen nahiz Errenteria osoan ongi errotu zenez, Ikastola, bere irakaslana garantiaz gauzatzeko lokal duinak eskatzen hasi zen. Ikastolaren aldetik egindako kudeaketa desberdinek eta guraso nahiz irakasleek beren aldetik izandako borondate oneko jarrerak bere fruituak eman zituen eta 1986ko maiatzean Langaitz Ikastolak eraikin berri bat lortu zuen, gaur egun LHko eraikina dena, alegia.

Eraikin hau San Markos mendiaren hegalean kokatuta dago eta hasiera batean zegoen eskariarentzako erantzun bat izan bazen ere, laster konturatu ginen hark bere edukiera gainditzen zuela. Ondorioz Langaitz Ikastolak berriro ere lokal duin batzuen eskaera egin behar izan zuen, zehazki behe mailako hezkuntzarako, hain zuzen ere.

Ondorioz, Esnabide izeneko eskolaurrea uzteko erabakia hartu zuten. Hau, Beraungo auzoaren erdigunean kokaturik zegoen eta gutxienez lau ikasgelako edukiera zuen. Hasiera batean begi onez ikusi bazuen ere, Langaitz ikastolak arazo beraren jarraipena nabaritu zuen eta horrela, bai Hezkuntza Sailari eta bai Udalari lokalak eskatzen jarraitzen du oraindik ere.

Eskaera honekin batera, autonomi elkarteko Hezkuntza-Sistemari buruzko eztabaida-prozesu bat burutzen ari da bere baitan. Ikastolen mugimendua, eta zehazki Langaitz Ikastola, eztabaida honetan sartu zen eta 90 eta 93 urteak bitartean, Ikastolen mundua berrantolatzeko beharrak edo behar ekonomiko-finantzarioek eraginda, eztabaida hau indartu egin zen, azkenean, Euskal Eskola Publikoaren Legea ren argitalpenak Ikastola bakoitzari erabaki bat hartzera behartu dion arte.

Langaitz Ikastolaren hedapen-perspektiba, bere publifikazioaren inguruan hartuko zen erabakiaren eraginpean zegoen beraz. Prozesu honen barruan, Errenteriako Udala, Hezkuntza Saila eta Gipuzkoako Ikastolen Federazioa erabakian eragina zuten alderdiak zirela esan dezakegu, Langaitz Ikastolako Batzar Nagusiak, hartu beharreko erabakiaren erantzukizuna Gurasoena eta Langileena zela garbi bazuen ere.

Hau guztia kontuan izanik, 1993ko maiatzaren 20an Ikastolaren LHko eraikinan egindako Batzarrean Ikastetxe Publiko bihurtzeko erabakia hartu zen. Erabaki honekin batera eta honen ondorioz, Hezkuntza Sailak Beraun Ikastetxe Publikoan erabilgarriak ziren hamairu ikasgela ikastolari ematea erabaki zuen.

1995ean Euskal Autonomi Elkartean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) , 12 urtetik 16 bitarteko ikasleei dagoekien etapa, ezarpena aztertu zen. Errenteriako eskola maparen planteamendua eta erabakia 96-02-01eko EHAAn agertu zen. Bertan LANGAITZ BHI BDHko ikastetetxe independiente gisa agertzen da, horrela Langaitz Ikastolako eskola komunitate eskolarraren nahiak beteaz, hau da, 2tik 16 urte bitarteko Hezkuntza Proiektua gorpuztuaz.

Honen ondorioz espazio berrien beharra ikusi zen, proiektua kalitatezko babesa eman ahal izateko. Horrela 1999ko irailean Don Bosco ikastetxe publikoan orduan behar ziren gelak eman eta hornitu zizkiguten. Hara joan zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari zegokion eskola aktibitate osoa. Gaur egun txikiegi geratu da eta zabalkunde prozesua martxan jarri nahian dago.

2000/2001 ikasturtean Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen. Eskola aktibitatea n eta eskolaz kanpokoan eragina izan zuen hainbat ekintza egin baitziren: kontzertuak, hitzaldiak, liburu eta CD baten argitalpena...

2014an Langaitz HLH eta Beraun Berri HH ikastetxeen fusioaren ondorioz Bizarain HLH ikastola sortu zen. Ondorioz, 2016. urtean gure ikastetxeari izena aldatu diogu eta Langaitz BHI Bizarain BHI bilakatu da.